[hasiera]

 
ZER DA HIK HASI?
ALDIZKARIA
MATERIALA
TOPAKETAK
HARPIDETZA
BALIABIDEEN GIDA
KONTAKTUA
BILATZAILEA
EREMU BIdEZKOA
EZTABAIDAGUNEA
BULETINA JASOTZEKO
 
Gai Nagusia
Adierazpen artistikoa hezkuntzan
Zenbakia
Data
2010(e)ko uztaila
Idazlea
Saila
Gai Nagusia
Matematika, ingelesa, gizarte zientziak, euskara, natur zientziak… Eskola hori baina askoz gehiago da. Eskola sormenerako lekua ere bada, eta horregatik, mota guztietako adierazpen artistikoek daukate lekua bertan. Izan ere, dantzak, antzerkiak, musikak eta plastikak ere hainbat gaitasun eta konpetentzia lantzeko aukera eskaintzen dute. 
Plastikako ordu bat, musikarako beste bat eta gorputz heziketa bai, eskaintzen dira. Baina jorratzen al da benetan adierazpen artistikoa hezkuntzan? Nola egin dezakegu? Zer gehiago egin daiteke? Besteak beste, adierazpen artistikoa lantzeko hainbat proposamen ekarri ditugu aurtengo HIK HASI Udako Topaketetara.
Ikusi erlazioanaturiko artikuluak
Ikusi erlazionaturiko materiala

Adierazpen artistikoa

 

Gizakiak, gizaki denetik, harreman estua izan du artearekin. Azken batean ikusten, sentitzen, pentsatzen... duena adierazteko eta komunikatzeko balio izan dio mendeetan zehar. 

Arkitekturak, musikak, dantzak, eskulturak, pinturak eta antzerkiak  lengoaia unibertsala darabilte eskuartean. Egungo bizimodua nolakoa den jakiteko tresna paregabea dira, eta iraganeko gizartea ere erakusten dute. 

Artistek , filosofoek, hezitzaileek, psikologoek, soziologoek... askotariko azalpenak eman dituzte artearen inguruan. Nork bere ikuspegitik azaldu izan du zer den artea, eta askotariko iritziak ipini dituzte mahai gainean. Besteak beste, energia deskargatzeko bidetzat hartua izan da; plazera ematen duen ekintza gisa; bizitzari ihes egiteko modutzat; ezarrita dagoena zalantzan jartzeko tresnatzat; ikaskuntza emozionala lortzeko aukera gisa; eta errealitateko elementu kontrajarriak bateratzeko baliabide bezala definitu dute zenbaitek. Kasu honetan ere: zenbat buru, hainbat aburu. 

César Lorenzano filosofia katedradunak La estructura psicosocial del arte liburuan honela azaltzen du bere lana egiten duenean artistaren baitan gertatzen dena: “Bere burua ezagutzen du, jokoaren plazera berreskuratzen du, unibertso propioa eta itxia eraikitzen du, neurtuta edukitako emozioak azaleratzea eta kontrolatzea lortzen du, eta objektu berri bat sortzen du”.

Horrela, arteak, helduentzako gauza dirudi. Baina ez da hala. Haurrek ere egiten dituzte lan artistikoak. Baina ba al dute horretarako tarterik egungo hezkuntza sisteman? 

Gaur egun, oinarrizko hezkuntzan alboratu samar dago arte heziketa; beste irakasgaiek dute lehentasuna, eta ondoren, denbora geratzen baldin bada egiten zaie lekua horrelako ekintzei. Eta oro har, irakasleak ez daude horiek eskaintzeko behar bezala prestatuta. Margolaritza, dantza, musika, antzerkia... ikasle gutxi batzuei mugatuta geratzen dira, baldin eta eskolaz kanpoko ekintzetan edo tailerretan izena emanda badaude. 

Zer eskaintzen dio arteak haurraren garapenari?

Jarduera artistikoek, hots, musikak, pinturak, dantzak eta antzerkiak haurren garapen psikomotorea estimulatzen dute. Bereziki psikomotrizitate fina eta astuna lantzen dira, eta bide batez baita gorputzaren kontrola ere. 

Bestalde, jarduera artistikoek garapen kognitiboan dute eragina. Besteak beste, arreta, kontzentrazioa, irudimena, memoria, behaketa, autokonfiantza, borondatea...lantzen direlako. 

Era berean, haurraren garapen sozio-emozionalari ere mesede egiten dio arte heziketak. Izan ere, haurrak bere burua onartu behar du, bere ahalmen eta muga guztiekin. Onarpen horrek lotura izango du haurrak bere buruaz duen ikuspegiarekin,  eta horrek zuzenean eragingo du bere jokabidean; orain eta etorkizunean. 

Baina ez hori bakarrik, jarduera artistiskoen bidez, haurraren zentzumenak landu eta garapen pertzeptiboa ere sustatzen da. Espazioa, formak, koloreak, ehundurak, soinuak, sentipenak eta esperientzia bisualak adierazpenerako estimulu anitzak dira. 

Arte hezkuntzak haurrari egiten dizkion ekarpen guztien artean, baina, bada bereziki garrantzitsua den bat: sormena.  Malgutasuna, originaltasuna, etorria, independentzia, kritika, autokritika... landu ahal izango ditu. Zerbait sortzean, analisi gaitasuna, aukeratzeko gaitasuna, loturak egiteko gaitasuna eta sintesi gaitasuna, jartzen dira martxan, besteak beste. Prozesu horretan haurraren esperientziek eta ezagutzek hartzen dute parte.

 

Gorputz adierazpena

 

Euskal dantzak

Euskal dantzek, eskola orduz kanpo soilik ez, eskola orduetan ere dagokien lekua izatea gustatuko litzaioke Goizane Arregiri, baina bitartean, eskola orduz kanpoko jardueretan dantza eskolak ematen aritzen da Gipuzkoan, herriz herri. Dantza erabilgarriak erakusten saiatzen da, ondoren plazetan dantzatzeko modukoak direnak: “Askotan, gero irteerarik ez duten dantzak erakustera jotzen dugu eta eskoletan, normalean, ikasturte bukaera aldera erakustaldia egiteko moduko zerbait eskatzen dute. Oroimenaren kutxan geratzen diren lau dantza egiten ditugu eta txikitan euskal dantzak egiten genituela esaten dugu helduak garenean, baina askoz gehiago ez. Dantza, ondoren erabiltzeko erakutsi nahiko nuke”. 

Balioak eta gorputza lantzeko

Taldean egiten diren dantzek haurrekin, besteak beste, talde lanaren garrantzia azpimarratzeko balio dute: “Dantzak elkarlana du oinarri taldean egiten denean, eta ez badiozu aldamenekoari laguntzen edo nahasten denean nabarmen uzten baduzu ez duzu ezer lortzen”, dio Arregik. Gainera, euskal dantza gehienak, bakarkakoak izanda ere, taldean egiteko dantzak direla azaldu du: “Normalean dantza sozialak dira eta taldean egitekoak. Beti dantzatu behar dugu jendearekin, ez jendearentzat, soilik”. 

Baina, balioak lantzeaz gain, dantzek mugimendua, psikomotrizitatea eta espazioaren erabilera lantzeko ere balio dute.

Baina gauza askotarako balio arren, eskolako orduetan ez du espazio handirik eta garrantzia eman beharko litzaiokeela uste du Arregik. Dena den, bada dantza ikastorduetan sartzeko esperientziaren bat, azaldu digunez: “Zarautzen bada esperientzia bat. Lehen Hezkuntzako 4. mailan euskal dantzak erakusten dira eta adin horretako neska mutil guztiengana iristen da. Hasieran, ikastetxe guztietara zuzendu zen eta funtsean, ideia, Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasle guztiek (neskek zein mutilek) euskal dantzen oinarria jasotzea zen. Denborarekin, Lehen Hezkuntzako 4. mailara murriztu zen eta, gaur egun, eskola batzuek kendu egin dute. Mantendu duten horietan, astean behin, ordubetez, irakaslea ikastetxera joaten da ikasleei dantza erakustera”.

Dantza eskolan egotearen garrantzia azpimarratu du Arregik: “Dantza taldeen ardura gisa ikusten da eta jende asko kanpoan gelditzen da. Elkarlana edota psikomotrizitatea lantzeaz gain, lotsak alde batera uzteko, adibidez, balio dezake dantzak. Niri eskolan erakustea gustatuko litzaidake, baina zaila da; curriculum berriak ez du horrelakorik jasotzen eta zer titulazio beharko litzateke, adibidez, horretarako? Bestalde, gozatzeko soilik, dantza egitea beharrezkoa dela iruditzen zait. Polita izango litzateke, txikitatik, denok dantza egin dezakegula barneratzea”.

Europako dantzak

Patxi Monterok Euskal Herriko dantza tradizionalak ezagutzeaz gain, Europako dantza tradizionalak ere ezaguzten ditu. Haren hitzetan Europako folklorean badira dantza ugari haur eta gazteentzako aproposak direnak. Horiek ezagutzea helburu pedagogi interesgarriak lantzeko bitarteko erakargarria izan daitekeela dio. 

Azaletik begiratuta, dantza den aldetik, Europako dantzak jarduera ludikoa da, arina, normalean dibertigarria. “Baina irakasleak badaki, isilean, hitzen beharrik gabe, munduko dantzen bitartez zer lantzen ari den. Badaki, jolasaren atzean amarrua gordetzen dutela.

Badaki korroan (biribilean) edo sokan helduta dantza egite hutsak partehartze eta batasun sentimendua sustatzen duela. Badaki integratzaileak direla: norbere urratsetan, eta denak urrats bertsuetan, taldea bat eginik mugitzen dela. Hots, taldeak egiten duela dantza. Badaki, horregatik, batasuna, parte hartzea eta talde izpiritua sustatzen ari dela”.

Beste kulturen errespetua

Dantza, gainera, Monteroren hitzetan, bitarteko egokia da haurra zentratzen ikasten joan dadin. Era berean, dantza zirkular erraz eta pausatuek baretasuna dakartela dio, eta baretasuna erakutsiko diotela haurrari, hots, harmonia.

Baina batez ere, Monteroren arabera irakasleak badaki Europako dantzek beste kultura eta herrienganako hurbilketa sustatzen dutela. “Doinuok eta dantzok hain dira ederrak, hain dira erakargarriak, gorputzean sentituz, eta horrekin gozatuz, estimua pizten dutela, irekitasuna, adeitasuna, begirunea… Hitzen beharrik gabe, Europako dantzak bakerako hezitzaile apartak dira”.

Hala ere, Europako dantzak helburu ludikoaz erabil daitezke, besterik gabe. Horretarako, hamaika dantza daude; errazak, dibertigarriak eta politak, zailtasunaren arabera hainbat adin mailatara egoki daitezkeenak. Eta hori guztia doinu eta mugimendu gustagarriez egiten denean, dena errazagoa da.

Biodantza

Dantza, bizitza eta artea; hiruak biltzen ditu. Teresa Lopez de Munain irakaslearen hitzetan, “bizitzaren dantzan murgiltzeko artea da biodantza”.

Dantza gizakiaren adierazpenik zaharrenetakoa da, bizitzarekin batera hasten dena, eta ez soilik gizakiaren bizitzarekin, unibertsoa ere dantzan baitabil. Genetikoki dantza mugagabe eta  misteriotsuan parte hartzen dugu. 

Kanpoko gauza guztien mugimendua, berotasuna, kolorea eta soinuak gure barneko sentipenen oihartzunak dira, gure ispilu, gure elikadura, inspirazio eta osasun; gure barrua kanpoan islatzen da. 

Hor kanpoan dago biodantza.  Gure gorputzaren joerak dio, mila eratara, ordena osasuntsua dela dantza unibertsal horretan neurriz eta zentzuz dantzatzen duena. Azken batean, biodantza gizakiaren arlo guztien integrazio sistema da, Lopez de Munainen hitzetan. 

Ikerketa antropologiko zabalean oinarrituta Rolando Toro, antropologo, psikoterapeuta eta artistak sortu zuen biodantza da. Horrez gain jakituria askoren batuketa heterogeneoa egin du, dantza, musika eta taldearekiko bizipenez osatua. 

Zer eskainiko digu?

Bizitasunari, sentimenduei, sentsualtasunari, sorkuntzari eta transzendentziari azaleratzeko bidea emateko aukera izango dugu biodantzari esker. 

Osagai horiek guztiak ondo nahastuko ditugu, eta ondoren, norberaren izaera edo identitatea gehituko diogu. Beti ere, osotasunaren bizipenarekin bat eginez. 

Dantza, mugimendu eta jolas proposamen bakoitza, musika zehatz baten hegaletan ipiniko dugu, musikak eramaile gisa duen gaitasunean oinarrituta.

Ariketa bakoitzak izaera berezia izan behar du: harmonia, bizitasuna, poza, jarioa, bizkortasuna, sendotasuna, sinergia, eutonia, sinkronizazioa, oreka, erritmoa, malgutasuna, sentsualtasuna, arintasuna, indarra, arreta, autorregulazio, guztiak landu ahal dira.

Norberarekiko, besteekiko eta naturarekiko maitasuna izango ditu oinarri biodantzak. Eta horrek guztiak on egingo dio, bereziki, komunikazio arazoak zein kultura disoziazioak dituen pertsonari, baina edonorentzat izan daiteke bizipen berezia.

 

Plastika eta musika

 

Artea eta irudia hezkuntzarako tresna

“Ekoizpen artistikoak, gure errealitateari buruz hitz egiten duten heinean, imaginario hegemonikoaren alternatiba izan daitezke eta prozesu hezitzailean eduki eta zeharlerroak lantzeko bitarteko baliagarriak bilakatu”. Hala uste dute Andrea Arrizabalaga eta Ana Revuelta Artaziak ekimeneko kideek.

Ikusentzutezko ekoizpenak dira, gaur egun, identitateak definitu eta errealitatea antzemateko tresna boteretsuena. Hala ere, askotan, baliabideak falta zaizkigu ezartzen dituzten mezu, eredu eta baloreak zalantzan jartzeko edota horiekin apurtzeko.

Zertarako balio dezake?

Artaziak ekimeneko kideentzat artea hezkuntza prozesurako tresna bezala ulertu eta erabil daitezke. Besteak beste, curriculumetik at geratzen diren eta jendarte osoari eragiten dioten arazo sozialak lantzeko aukera berriak ematen ditu . 

Egungo jendartean indarrean dagoen diskurtso hegemoniko bezala dirauten ideien kontra, ekoizpen artistikoak hezkuntza alternatiba posiblea izan daitezkeela uste dute. Eta ere berean, gure izaera osatzen duten alderdien inguruko –generoa, adina, klasea, arraza, kultura, ...- hausnarketa sustatzeko tresna ezinhobea dela diote.  

Artaziak ekimeneko kideek ekoizpen artistiko kulturalekin harremana duten hezkuntza dinamikak garatzea dute xede, eta horretan ari dira. Egun, Gasteizko Artium museoan eta Montehermoso kulturgunean, Bilboko Rekalde Aretoan, Miró Fundazioan, ludoteketan edota ikastetxeetan aritzen dira.

Marrazten ikasi

“Eskolan gutako askori txirula jotzen irakatsi ziguten, jarraibide gutxirekin: non eta nola ipintzen diren hatzak, nola jo behar den nota bat edo bestea… Eta, ia beste ezer gabe, gure melodia ulergarri bihurtzen da. Baina, hatzak posizio zehatz batean jarrita, sol edo re jotzen ditugula irakutsi izan ez baligute? Nik bakarrik ez nukeen sekula asmatuko”, azaldu du Txitxi Obergozo margolariak.

Bada, uste du horixe dela marrazketarekin gertatzen dena. Inork ez digula jarraibiderik eman nora eta nola begiratu behar dugun edo zeri erreparatu behar diogun jakiteko. Errealitatea bera da guztiontzat, baina identifikatzen eta interpretatzen jakin behar dugula uste du: “Sinesten duguna ikustera ohituta gaude, eta ez ikusten duguna sinestera”. 

Jarraibide horiek izatea mesedegarria da inguratzen gaituenari epaitu gabe begiratzeko eta gauzak zehaztasun gehiagorekin ikusteko. Eta ere barean,  baita marraztu ahal izateko eta marrazkiaren bidez ikusten duguna ulertzekoere.

Papera eta kartoia

Paperak eta kartoiak eskaintzen dituzten baliabideak berriz deskubritu daitezkeela uste du Pablo Feo Gomez irakasleak. 

“Betidanik erabiltzen dugu papera. Txikitatik askotariko paperak eta horiekin egiteko eskulanak ikasi ditugu eskolan. Mundu haundi-txiki horretan papera lantzeko tresnak, materialak, teknikak eta sortu daitezken eskulanak edo artelanak –non dago muga?– etengabe ari dira ugaltzen.  Horiek apur bat gehiago ezagututa papera, kartoia, birziklapena, irakaskuntza, eskulana eta artea uztartu daitezke. 

Ez gara ohartu ere egiten eta esku-eskura ditugu askotariko paper orri soltzeak lantzeko hainbat proposamen:

-Origami delakoa: papera eta eskuak, soilik, baliatuta.

-Kirigami izenekoa: papera, eskuak eta guraizen laguntza.

-Mexikoko “papel picado” delakoa:  papera, mailua eta puskak egiteko hainbat tresna erabiliz.

-Txinako paper ebakiak: papera, guraizeak eta txinatarrek, bakarrik, duten trebezia nahiz pazientzia.

-Eredu japoniarrak: Internetek adibide asko eskaintzen ditu. 

-Paper birziklatua modu errazak. 

-Mache papera prestatu eta hainbat irudi egin.

-Kartoiaren erabilera berriak, maskarak, altzairuak, dekorazioa...

-Scrapbooking, argazkiak eta txartelak apaintzeko azken joerak.

Teknika horiek guztiak ezagutu eta behar bezala erabiltzeko orduak eta orduak behar dira. Baina horietara apur bat hurbildu gaitezkela dio Pablo Feok, paperak eta kartoiak eskain ditzaketen aukerak berriro deskubrituz.

Egurra lantzen

Antzeko gauza gertatzen da egurrarekin ere. Oso gertu daukagun materiala da, baina oraindik eskaintzen dizkigun aukera asko ditugu ikertzeko Jose Pablo Arriagaren ustez. Egurra kurbatzeko teknika berriak aztertuz gero ikasleei erakusteko edota altzari eta eskulturak egiteko hainbat aukera daudela ohartuko gara. 

Esate baterako egurra lurrunaren bidez kurbatzeko teknika bat dago. Beharrezkoa da horretarako makina izatea. 

Egurra laminatzeko prentsa erabiltzen jakin behar da, eta  baita moldeak egiten ere. 

Sormena eta irudimena lantzeko modu polita izan daiteke egurra kurbatzeko hainbat teknika jorratzea. 

Perkusioa

Musika da adierazpenerako dugun beste bideetako bat. Eta perkusioak erritmoa lantzeko aukera emateaz gain, koordinazio apur bat ere eskatuko digu. Euskal Herriko panderoa eta Brasilgo batukada erabilgarriak izan daitezke helburu horiek gelan lantzeko. 

Trikitixa, ahotsa eta albokarekin batera, panderoa, Euskal Herri osoan da ezaguna. Esku bakarraz hain ederki laguntzen duen perkusio tresna hau ezagutaraztea, atsegina, eskuragarria eta beharrezkoa dela uste du Urko Arozena Musikene Euskal Herriko Goi Mailako musika ikastegiko perkusio irakasleak.

Batukada, berriz, gure herrietako jai giroan erraz txertatu den estiloa da. Bere erritmo bizi eta indartsuak, inguruko edonoren arima borbor jarrarazten du. Gela barruan ikasleen motibazioa eta parte-hartzea bultzatzeko tresna paregabea izan daiteke. 

Panderoarekin, oinarrizko erritmoak landu daitezke hainbat ariketaren bidez. Azkartasuna ere trebatu daiteke eta hanka, eskuak eta burua konbinatzen saiatu, ikusgarria da gainera. 

Batukadak ere oinarrizko erritmoak lantzeko aukera eskaintzen du, baita inprobisazioarekin saiatzeko ere.   

 

 

 

IGO
ETXEBESTE, Amaia; LOPEZ DE LUZURIAGA, Jose Inazio; RAZKIN, Josean:
Haur-jolasen abestiak II
Euskaraz jolasten jarrai dezagun
SALBATORE MITXELENA ikastola, Zarautz: Picassoren
XIRULA MIRULA: Badok hamalau
Xirula Mirulak DBHrako bideo-zintak kaleratu ditu
haur-
jolasen abestiak
II
SEASKA Haur Eskola, Beasain: nola bizi duten
plastika
Praktikatzen: Diaporama, musika lantzeko beste modu
bat
OCHOA DE ERIBE ROYO, Maria Pilar:
UMEZAINTZA Haur Eskola. Arrasate: Urarekin jolasten
Praktikatzen: Gorputza eta bitartekariak musikan
Praktikatzen: Gorputza eta bitartekariak musikan (eta II)
DUFAU, Aines; SOLORZANO, Pantxika: Kantiruri: kantu bilduma berria
VITORIA, Jose Ramon:
Zatoz jolastera!
bideoa kaleratzear dugu
Juul: artea eta hezkuntza uztartuz
Aschero sistema euskal
curriculumerako ekarpena
IGELDOKO HERRI ESKOLA: Zumeta proiektua
The Beatles euskaraz
Rock & Orff taldeak DBHn musika lantzeko material berria aurkeztu du euskaraz: The Beatles CD-ROMa
Hik Hasiren "Zatoz jolastera!" bideoak Miguel Altzo ikasmaterialenn kalitate saria jaso du
SALBATORE MITXELENA ikastola, Zarautz:
Musika Irakasle Euskaldunon II. Topaketa emankorra izan da
URTXINTXA ESKOLA: Euskal jolasen bilduma CD-ROMa da produktu berriena
Antzerkia oholtza gainean eta eguneroko bizitzan
Haur-jolasen abestiak III CDa eta zinta kaleratu berri ditu HIK HASIk
Haur jolasen abestiak III
Badator Jolasen altxorra bideoa
ZULAIKA, Luis Mari:
Kukurruku! Zer diozu?
Ipuinak, poemak, esaera zaharrak, musika eta elkarrizketak biltzen dituen CD berria
URBIETA, Imanol:
Kolorearen pertzepzioa:
ikasgelan duen eragina
HEGOA ikastetxea, Donosita: Eskultorea naiz
IKASBIDEA ikastola, Gasteiz: Kantuz blai
PRECIADO, Txema: Eskolak ongi erakusten al du koloreak ikusten?
MENDILORRI IV eskola, Iruñea: ...eta Miróren koadro bat jakintza iturri bihurtu zen
ERNIOBEA institutua, Villabona: Irakurketa eta plastika
BILETXEA ikastetxea, Baigorri: ERRAMOUSPE, Mikel: Kantuaren herri kultura bizia
Artearen txokoa: euskal gizartea ulertzeko beste bide bat
ERNIOBEA institutua, Billabona-Amasa: Euskal arte garaikidea gelara
ZANGOZA ikastola, Zangoza: Artista txikien aztarnak Zangozako ikastolako atarian
URBE, Ainhoa; ZABALA, Juantxu: Psikomotrizitatea eta gero zer?
AIZARNA, Kontxi:
DEBA GARAIKO MANKOMUNITATEA: Kirol aukerak ezgaituentzat
Marrazkia arte adierazpen arloan eta gizakiare garapen bezala
AITOR ikastola, Donostia: Oihala igo eta funtzioa hasten denean
OIARBIDE, Josi; ZABALA, Xabier: Haur-jolasen abestiak:
Praktikatzen: Adierazpen plastikotik hezkuntza plastikora
Praktikatzen: Ikonoteka baten antolakuntza (I)
Haur-jolasen abestiak
PRAKTIKATZEN: Ikonoteka baten antolakuntza (II)
PRAKTIKATZEN: Mural kromatikoa (I): kolorearen aurkikuntzako haurren abenturan lagungarria eta motibagarria den tresna
PRAKTIKATZEN: Zer da eskultura? (I)
Batasun didaktikoa
PRAKTIKATZEN: Zer da eskultura? (II). Batasun didaktikoa
Antzerkigintza eta irakaskuntza
BELTRAN, Juan Mari; ETXEKOPARE, Mixel: Musika herrikoia hezkuntzan
PRAKTIKATZEN: Zer da eskultura? (eta III) Batasun didaktikoa
PRAKTIKATZEN: Arte Hezkuntzarako baliabideak Interneten
TRABUDUA Yolanda: Gazteek entzuten duten musika
GENUA, Enkarni :Artearen bidez haurrak sortzaile hezi behar ditugu, baina ez bihar artistak izateko, baizik eta bizitzeko
Beldurraren aretoa, Galtzagorri Elkarteak beldurrezko ipuinen inguruan osatutako erakusketa
JOSU TXAPARTEGI
Begiratu eta irudikatu: Artistak eta ikasleak batu dituen erakusketa
Zein da gorputz hezkuntzako irakasleen funtzioa? Zein dira landu behar diren gutxieneko edukiak? Horrekin lotuta, zer iritzi duzu Soin Hezkuntza arloan Euskal Curriculumak hartu duen bideari buruz? Betetzen al dira gutxieneko horiek?
Bilboko Kafe Antzokia: Arte eszenikoak haurren eskura
Seaska, Iparraldea: Antzerki topaketak Miarritzen
ODRIOZOLA, Elena: Irudiak ez ditut hezteko helburuarekin egiten, sentitzen dudana egiten dut
Koldo Mitxelena, Errenteria: Koadro bat ipuin anitz
Oroimena iruditan
XIBA proiektua
Zer ondorio izango ditu haurrengan gorputz hezkuntzako orduen murrizketak?
Imanol Urbietaren ekarpen pedagogikoa
0-5 urteko haurrentzat kantu eta jolasak
Karaokea editatzen ikasi
Marrazten ikasi garunaren eskuineko aldearekin
ARTAZIAK arte hezkuntzako taldea
Zu zeu izan. Bazen Behin Clown
BIRBIRA. Zaborra birziklatuz egindako sormen lanak
Gizonentzat eta emakumeentzat gorputz heziketak era berekoa izan behar al du?
GURUTXAGA, Maite
Jorge Oteiza Museoa
Oh Happy Day! Ikasleek musika eta dantza ikas ditzaten aldi berean
Haurrei zuzendutako maskaragintza
Oh happy, kanta eta dantza ezazu
Txirulaz (Liburua)
Txirulaz II (Liburua). AGORTUTA
Txirulaz (CDa) AGORTUTA
Gitarraz (Liburua)
Eskusoinuaz (Liburua)
ASCHERO metodoa: Ostadarraren hotsaz (Liburua)
Pianoaz (Liburua)
Haur-jolasen abestiak (CDa) AGORTUTA
Haur-jolasen abestiak II (CDa) AGORTUTA
Haur-jolasen abestiak III. (CDa) AGORTUTA
Kukurruku! (CDa)
Zatoz jolastera! (DVDa)
Jolasen Altxorra (DVDa)
Ilargiaren sekretua (DVDa)
Begiradaren heziketa (DVDa+Liburua)
Haur-gaztetxoen marrazki ekoizpenaren bilakaera AGORTUTA
 
© 2005