[hasiera]

 
ZER DA HIK HASI?
ALDIZKARIA
MATERIALA
TOPAKETAK
HARPIDETZA
BALIABIDEEN GIDA
KONTAKTUA
BILATZAILEA
EREMU BIdEZKOA
EZTABAIDAGUNEA
BULETINA JASOTZEKO

 

 
Elkarrizketa
MARTINEZ, Begoña:
Zenbakia
Data
1999(e)ko martxoa
Idazlea
Saila
Elkarrizketa
Begoña Martinez EHUko Pedagogia Fakultateko irakaslea da, Didaktika eta Antolaketa departamentukoa, zehatzago esanda. Berarekin izan dugun solasean hezkidetza izan dugu ardatz. Egungo gizartean dauden estereotipoez eta eskolan duten presentziaz mintzatu zaigu. Ikusi erlazioanaturiko artikuluak
Ikusi erlazionaturiko materiala
Jakina da eskolak baloreak eta estereotipoak transmititzen dituela. Baina gai honetan sakontzen hasi aurretik, defini ditzagun kontzeptuak. Zer dira estereotipoak?

Beno, modu sinple batez esanda, estereotipoak giza talde batzuei buruz egiten ditugun irudi sinplifikatuak eta orokortuak direla esango nuke. Gehiengoak bat egiten du ideia hauekin eta taldekotzat hartzen diren pertsonei eransten zaizkie.

Estereotipoen berezitasuna zera da: egiazkoak eta faltsuak direla aldi berean, onak eta txarrak. Egiazkoak dira aukeratutako ezaugarriak existitzen direlako, nahiz eta askoren arteko aukeraketa bat baino ez izan eta ezberdintasun indibidualak kontuan ez hartu. Eta faltsuak dira beraien aukeraketa interesatuak errealitatea distortsionatzen duelako eta subjektu indibidual gisa harturiko inongo pertsonak ez duelako ezartzen duten perfila betetzen.

Bestalde, ingurutik jasotzen dugun informazio konplexutasunaren kaosa antolatzen laguntzen digute estereotipoek. Baina txarrak dira era berean, gure taldekoak ez diren pertsonengandik jasotzen dugun informazioa mugatu egiten dutelako. Eta informazio hori mugatzean, pertsona horien espektatibak, epaiak eta jarrerak mugatzen dituzte.

Kontuan hartzeko beste gauza bat zera da: estereotipoak garai guztietan eta talde sozial eta kultural guztietan existitu izan direla, nahiz eta beraien edukia (ezaugarriak, baloreak, rolak eta abar) eta eraikuntza prozesua aldatu.

Estereotipo bat existitzen dela esateko, beharrezkoa da talde bateko kideak identifikatzeko ezaugarri, atributu edo portaerak egotea, hauek talde osoan zabalduta egotea, beste taldeengandik bereizteko balio izatea eta taldekideen arteko desberdintasunak beste taldeetako pertsonekikoak baino txikiagoak izatea.



Baloreei dagokienez, nola definituko zenituzke?

Asko sinplifikatuta, baloreak pertsona bakoitzak ekintza bat, berea edo besteena, zuzena edo okerra bezala ebaluatzeko erabiltzen dituen kriterioak direla esan daiteke. Eta baita bere portaera batzuk beste batzuen gainetik jartzeko ere. Askotan baloreak arauekin eta jarrerekin nahastu ohi dira. Arauak gizarte batek elkarbizitza hobetzeko egiten dituen akordioak dira. Eta jarrera balore jakin batzuen garapena errazten duen etengabeko egoera da. Gainera, gehienetan jarrera arau zehatz batean islatzen da, eta aldi berean balore bat inplikatzen du. Adibidez, entzuteko jarrera besteak hitz egiten daudenean isilik egoteko arauan adieraz daiteke, zeinak besteenganako errespetuaren balorea inplikatzen duen.



Zein da estereotipoen eta baloreen arteko erlazioa?

Baloreak estereotipoen edukiaren zati bat dira. Talde soziokultural ezberdinak balore-eskalaren arabera ezberdintzen dira. Eta gainera, estereotipoek balore dimentsioa dute, estereotipoak definitzeko erabiltzen diren ezaugarriak balorazioz beteta daudelako. Adibidez, gure testuinguruan emakumezkoen estereotipoak emakume taldeari menpenkotasunaren ezaugarria ematen dio. Orokorrean ezaugarri hau sozialki autonomoa eta independientea izatea baino gutxiago baloratzen da, hau gizonezkoen taldeari atxikitzen zaiolarik. Horrela, zeharka, estereotipo femeninoak subjektu sozial bezala emakume debaluatuaren irudia hartzen du.



Nola eratzen dira estereotipoak?

Hiru prozesuren ondorioz sortzen dira: mailaketa, konparaketa eta atribuzioa. Hauek harreman interpertsonaletan gertatzen dira, arreta eta interpretazio prozesuen bidez pertsonen arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak antzematen ditugunean. Izan ere, gizakiaren aniztasunak hainbeste ñabardura dauzka, non errazagoa suertatzen zaigun errealitate soziala kategoriak eginez, beraien arteko ezberdintasunak markatuz eta bakoitzari ezaugarri bereziak emanez ulertzea.

Taldeen arteko harremanetan ere garatzen da identitatearen eta konparaketa sozialaren prozesua. Hau da, talde batekoa izatearen sentsazioa, beste taldeekiko ezberdin sentituz.

Prozesu hauen oinarrian talde bakoitzak zaindu behar dituen baloreak daude. Prozesu hauek beste taldeekin batera sozialki sendotzen lagundu behar ligukete, baina askotan nortasun hori beste taldeen aurrean eta aurka eraikitzera eramaten gaituzte.



Zein estereotipo mota daude?

Testuinguru soziokultural bakoitzean identifika ditzakegun talde bereizgarri adina estereotipo daude. Batzuk, generoa, arraza, gutxiengo etnikoak, talde erlijosoak eta abar, ezagunagoak eta unibertsalak dira. Baina gehiago ere badaude. Pentsatu besterik ez daukagu ezagutzen ez dugun pertsona bati buruz zenbat informazio emateko prest egongo ginatekeen talde jakin batekoa dela jakinik soilik (adina, klase soziala, lanbidea, jaiotze lekua eta abar). Honek erakusten digu talde hauei buruzko irudi bat (estereotipoa) egina daukagula geure buruan. Irudi honek pertsona hori den bezala ezagutzen oztopatzen digu. Eta uste genuen bezalakoa ez dela konturatzen bagara, pertsona hori talde horren barruan salbuespen bat dela pentsatu ohi dugu.



Nolakoak dira estereotipoak eduki aldetik?

Edukiak positiboak, negatiboak edo neutroak izan daitezke. Talde bateko kide bezala pertsona bakoitza zein ideiarekin lotzen dugun ikusita eta ideia, ohitura edo jarrera horrek gizartean duen garrantzia kontuan hartuta, estereotipo hori positiboa, negatiboa edo neutroa izango da. Adibidez, katalanak zuhurrak direla esaten dugunean estereotipo negatibo bat erabiltzen ari gara. Baina euskaldunak oso langileak garela esatean, positiboa. Ijitoak begi beltzak dituztela esaten, berriz, estereotipo neutro bati egiten diogu erreferentzia.



Zenbateko onarpena dute estereotipoek gizartean?

Estereotipoak asko kritikatzen dituzte beraien erruz desabantailan aurkitzen diren pertsonek eta giza taldeek, baina funtzio garrantzitsua betetzen dute, eta horregatik sortzen eta erabiltzen dira gizarte guztietan. Ondorioz, oso zaila da beraiek ezabatzea.

Lehenengo eta behin, estereotipoek ekonomia kognitiboa eskaintzen dutela esan behar da. Ingurunetik jasotzen dugun informazioa sinplifikatzen eta antolatzen digute. Talde baten sailkapena eta deskribapena errazten digute, taldeko kide guztiak ezagutzeko beharrik gabe. Beste batzuetan egoera zehatz bateko oroimena osatzen digute eta esperientzia pertsonaletan inferentziak egiten laguntzen digute.

Niaren babes lana ere egiten dute, beste pertsona edo talde batenganako daukagun kontrako portaera justifikatzeko erabiltzen ditugunean gure autoestimua zainduz. Esaterako, "ni langabezian egotearen errua lana kentzen diguten etorkinek daukate" esatean.

Hirugarrenik, funtzio soziala ere betetzen dute. Hau da, talde batek onartzen dituen estereotipoekin bat etorriz gero, pertsona hori hobeto onartuko da talde horretan. Adibidez, espainolak faszistak diren estereotipoaren bat etorriz gero, pertsona bati errazagoa suertatuko zaio talde independentista batean onartzea.

Beraz, nahiz eta talde eta pertsona batzuentzat ondorio negatiboak izan baztertuak izaten direlako, nahiz eta abantailan dauden pertsonentzat onuragarriak izan, orokorrean gizartea harkorra izaten da estereotipoen aurrean.



Zenbateko onarpena dute estereotipoek eskolan?

Formalki, eskolan ustezko "talde homogeneo" bateko pertsonei eskaini behar zitzaien tratu bereziaren justifikaziotik, "berez heterogeneoa" den talde bati dagokion hezkuntza dibertsifikatuaren beharra onartzera pasa gara. Ondorioz, aldaketa hau bereganatuko lukeen marko komun berriak, eskolak bere barnean dituen pertsonen harremanekiko eta inguruarekiko dituen beharrak jaso beharko lituzke.

Beraz, lehenago pertsonei eta taldeei ezartzen zitzaien ezaugarri "natural" haiek utzi eta pertsona subjektu banako eta bakartzat hartzen duen definiziora iritsi gara.

Aldaketa honek estereotipoen ideia krisian jarri du. Izan ere, orain arteko ideia horrek talde bateko kide guztiak berdinak izango balira bezala tratatzen ditu, taldeak entitate errealak izango balira bezala ulertarazten ditu adostasun sozial baten ondorio besterik ez direnean, eta ez ditu pertsonak gizabanako bezala kontuan hartzen.

Hala ere, geletako egoera naturalen azterketa zehatza egingo bagenu, aldaketa itxuraren azpian pentsamendu eta ekintza diskriminatzaileak daude konturatuko ginateke. Ez dira beti kontzienteak, baina zenbait estereotiporen eta aurreiritziren erabilera ezkutatzen dute. Hauek nabariagoak dira ikasleengan jartzen diren espektatiba ezberdinen aurrean. Irakasleriak bere ikasleriarengan erabiltzen dituen estereotipo batzuk etorkizunean izango duten portaerari buruz egiten dituzten iragarpenetan eragin zuzena dute. Estereotipo horri dagozkion portaerak espero ditu.

Beraz, estereotipoek beste pertsona bati buruz dugun irudian eta espektatibetan eragin dezakete. Era berean, gure portaerak ere (berari buruz dugun irudiak eraginda) bere portaeran eta beroni buruz egingo dugun interpretazioan eragina izango du, hasierako espektatibak indartzen saiatuko garelarik. Beste modu batera esanda, nik ikasle batengan portaera zehatz bat aurreikusten badut, irudi bat eta interakzio modu bat eratzen ditut. Eta azkenean, portaera hori agertu egiten da. Nik, noski, susmo justifikatu bezala interpretatuko dut, eta ez zeharkako eskuhartze baten ondorio bezala.



Zein dira eskolan gehien transmititzen eta erreproduzitzen diren estereotipoak?

Eskola ez da gizartean sortzen diren estereotipoen eraginetik at geratzen. Beraz, beste testuingurutan dauden edozein estereotipo transmiti edo birproduzi dezake. Beste batzuk ere, sor ditzake, adibidez, eskola porrota, dislexikoa, laguntza behar duena eta abar.

Bestalde, ez litzateke justua izango zentroetan eta hezkuntza administraziotik egiten ari den esfortzu garrantzitsua ez errekonozitzea. Aukera ezberdintasunak eta sexua, arraza, sinesmen erlijioso, gaitasun eta abarrengatik egiten den diskriminazioa zuzentzeko esfortzu garrantzitsuak egiten ari dira.



Estereotipo ezberdinak daudela komentatu dugu lehen, baina genero estereotipoetan zentratu nahi dugu orain. Hasteko, genero estereotipoak zer direla esango zenuke?

Estereotipo sozial mota bat direla esango nuke. Gure gizartean gizon eta emakumeen artean dauden ezaugarri desberdinei -ez biologikoak- buruz dauden sinesmen adostuak dira. Beraz, eduki espezifiko bat daukate, baina beste estereotipoen eraikuntza eta erabilera prozesuan parte hartzen dute.



Nolakoa da berauen edukia?

Estereotipo hauen edukiari dagokionez, nahiz eta gure gizartean gizon eta emakumeek duten lekua eta egoera erreala eboluzionatuz joan, oraindik oso orokortua dagoen iritzi bat badago -kulturaz gaineko adostasun batek berretsia-: zenbait bereizgarri, interes, balore eta rol sexu bati lotuago daudela besteari baino. Estereotipo femeninoa ugalketarekin, pribatu-etxekoarekin eta herri-adierazkortasunarekin lotuta dagoen bitartean, talde maskulinoa produkzioarekin, publikoarekin eta eragile-instrumentalarekin uztartzen da.



Nolako eragina dute gizakion bizitzan?

Pertsona bakoitza berari dagokion genero estereotipoa ikasiz joaten da bere garapenean zehar. Identifikazio eta imitazio prozesu bat jarraitzen du eta honen bidez lehenengo pertsonen sexua identifikatzen ikasten du. Gero bere sexua eta generoaren iraupena. Eta hirugarrenik, generoaren rola identifikatzen ikasten du, gero bere gurasoen portaerak eta ezaugarriak, gero sexu bakoitzari zein joko eta ekintza dagozkion eta azkenik gizon-emakumeak zein nortasun ezaugarrik bereizten dituzten.

Teoria progresistaren arabera, emakumea egitura sozial, bidegabe eta zapaltzailearen biktima da. Teoria liberalak emakumearen berdintasun eskubidea aldarrikatzen du gizaki bezala eta bere berezitasunak galdu gabe. Teoria hauen ondotik argumentu bat sortzen da: genero estereotipoen ikasketa prozesu bat dagoela. Prozesu honetan, gizarteko faktore kultural komunak eragina dute, baina hurbileko inguru soziala garrantzitsuagoa da, hots, familiaren eta eskolaren eragina.

Ikasketa prozesu honetan eskolak modu ezberdinez eragingo du ikasleriak genero estereotipoak era batera edo bestera ikasteko garaian. Eragina du eredu maskulino eta femeninoak erakusteko moduak, erabiltzen diren joko eta jostailuek, hizkuntzaren erabilera sexistak, portaera konkretu batzuei ezartzen zaien sariek edo zigorrek...



Nortzu dira estereotipo hauen igorleak?

Lehen esan dugun bezala, irakasleria izan daiteke bere espektatibekin, bere portaerarekin, sariekin eta zigorrekin. Baita pertsona heldu bezala ematen duen irudiarekin ere, egiten duenarekin eta egiten duen moduarekin, pentsatzen duenarekin eta ikastetxean hartzen dituen erantzukizunekin. Era berean, liburuetan agertzen diren eredu maskulino eta femeninoak ere igorleak izan daitezke. Mundua sinbolizatzeko eta zenbait gaitasun garatzeko erabiltzen diren jostailuak eta jokoak ere bai. Eta harreman komunikatiboak eta didaktikoak kutsatzen dituen hizkuntza sexista ere igorle izan daiteke.



Zein da eskolaren funtzioa estereotipo hauen aurrean: erreproduzitzea, baztertzea ala ezabatzea?

Eskolak genero estereotipoak erreproduzitzen baldin baditu, bere ikasleria osoak jasaten duen aukera desberdintasuna bultzatzen ari da, sexu jakin batekin jaiotzeagatik soilik. Nahiz eta talde femeninoa izan aukera akademiko-profesional gutxiago dituena sozialki, talde maskulinoa ere estereotipoak ezarritako aukerak hartzera behartuta dago, bere askatasuna mugatzen zaiolarik.

Beraz, nire iritziz, eskolak, esplizitoki aldarrikatzen duen bezala, ikasleriak bere ingurune ezberdinekin dituen erlazioen ezaguera esperientziazkoa berkontzeptualizatu nahi badu, gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna mantetzen duen ezaguera subjektibo eta interesatuaren ondorena diren estereotipoak baztertzeko konpremezua hartu beharko du derrigorrez.



Bere funtzioa ezabatzea baldin bada, nola lagun dezake edo lagundu behar du eskolak genero estereotipoak kentzen?

Orokorrean, diskriminazio negatiboko egoerak aztertzen eta ekiditen konprometitu behar du, egoera hauek hezitzen dituen pertsonen garapen maximoa oztopatzen dutelako. Era berean, egoera hauekin topo egitean, irtenbideak bilatu behar ditu. Horretarako aukera berdintasuna lagundu behar du, estereotipatutako taldeen arteko elkarbizitza bultzatu (kasu honetan talde maskulino eta femeninoaren artekoa) eta talde bien parte hartzea bultzatu erantzukizun maila ezberdinetan eta erabakiak hartzerakoan. Harremanarekin, elkarlanarekin eta elkarrekiko menpekotasun horrekin apur daitezke talde bakoitzak bere taldeaz eta beste pertsonetaz dituen irudi estereotipatuak.

Aldi berean, eskolak hezkuntzaren bidez estereotipoen ideia sinpleak gainditzeko konpromisoa hartu behar du. Ez da nahiko esperientziaren bidez estereotipoak faltsuak izan daitezkeela irakastea. Estereotipoak ikasketa eta hausnarketa gai izan behar dute ikasleek nola funtzionatzen duten eta zein eginkizun betetzen duten ezagut dezaten. Horrela, hiritar bezala bere kontzientzia izango du eta egoera diskriminatzaileen aurrean defendatzeko gai izango da.

Hala ere, sinplea dirudien arren, konplexua da praktikara eramatea, ikastetxe bakoitzeko errealitatea eta estereotipo hauek ezabatzeko konpromisoa oso ezberdinak direlako. Hezkuntza publiko mistoaren kasuan ere, hezkidetzaz hitz egiten da, eta dena lortu dela dirudi, ez dagolea diskriminaziorik. Baina arretaz aztertuz gero, modu ezkutu batean oraindik estereotipoak hor daudela konturatzen gara.



Zein dira ezabaketa honetan aurki daitezkeen zailtasunak?

Lehenengo eta behin, jatorria bera, genero estereotipoak unibertsalak direlako. Bestalde, bere izaera iraunkorra, estereotipo hauek gizaki guztiengan dutelako eragina bizitzan zehar. Askotan, gainera, jaio aurretik, ekografian neska edo mutila den jakin ondoren, espektatiba desberdinak sortzen zaizkie gurasoei.

Bestetik, genero estereotipoak aurkakotasunarekin definitzen dira, osagarriak kontsideratzen dira eta hierarkizatuta daude. Hierarkizazio hau aldatzea da zailena. Kultura guztietan talde maskulinoarekin lotutako ezagaugarriek, gaitasunek, interesek, baloreek, espektatibek, rolek eta abarrek prestigio eta onespen soziokultural handiagoa dute. Horregatik saiatzen da talde femeninoa talde maskulinoaren portaeretara hurbiltzen, onarpen sozial handiagoa izateko.

Bestalde, eta paradoxikoa dirudien arren, gure ikastetxe mistoetan neska-mutilei aukera berdinak emateak eta dokumentu ofizialetan zeharlerro bezala hezkidetza diskurtsoa ezartzeak eragozpen bat du: dena lortua dagoela pentsatzera eraman gaitzake eta berdintasunaren aldeko diskurtso errebindikatiboak deslegitimatzen ditu ezberdintasunak onartuz.



Nolakoa izan beharko luke irakasleon eta hezitzaileon portaerak? Zer egin behar dugu?

Hezitzaileok norberak dauzkagun estereotipoen eta aurreiritzien gainean hausnartu behar dugu kontzienteki edo inkontzienteki, jarrera diskriminatzailetan bihur ez daitezen. Baina hausnarketa hau ikastetxean egin behar da, beste irakasleekin batera, gurasoekin batera eta ikasleriarekin batera, hots, kontzientzia kolektiboa hartuz. Irakasle batzuren kontzientzia indibiduala ez da nahikoa, analisiaren eta aldaketaren konpromisoa ez zabaltzeaz gain, kontrako eragina sortzen baitu.

Sexuen arteko aukera berdintasuna curriculumean zeharlerro bezala sartzeak kontzeptualki zentzua baldin badu ere, praktikan horrek ez duela bere garapena bermatzen ikusten ari gara. Irakasle bakoitzak curriculumeko ikasgai bertikalak garatzeari ematen dio garrantzia, zeharlerroekin batera lortu behar dituen helburu eta edukiak planifikatu gabe. Ikasleak eduki aldetik maila ona lor dezake beste ezagutzetan, baina era berean jarrera sexistak eduki. Horregatik, hezkidetzak zeharlerroetan duen lekua gainditzen du eta Ikastetxeko Hezkuntza Proiektu osoa busti behar du.

Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua eginkizun handia eta epe luzekoa denez, berau garatu bitartean eskola komunitateko sektore ezberdinen artean neurri txikiak hartzen joan gaitezke.



Zein izan daitezke neurri horiek?

Asko izan daitezke, baina batzuk aipatzearren:

- Gu nolakoak garen ikasi ezagutza eta informazio errealarekin, indibidualagoarekin eta ez hain orokorrarekin. Baita ere gure zentroan edozein estereotipo, aurreiritzi edo diskriminazio negatiboren "dianan" dauden pertsonak nolakoak diren jakin.

- Jarrera ez estereotipatuen garapena bultzatu. Nola? Ikasketa erabat kontzeptualetan garapen fisikoa eta emozianala barneratuz. Arlo honetan garrantzi handia dauka sexualitatea ikasgai bezala ezartzeak, baina ez ugalketa eta kontrazepzioaren alderdi teknikoetan soilik, baita bere alderdi afektiboetan ere.

- Ikasgai bakoitzean emakumeen eta etxeko mundu pribatuaren presentzia bilatu apropos -Literaturan, Historian...- emakumearen papera duintzeko eta bere funtzioen garrantzia azpimarratzeko. Honek arlo publikoa eta pribatua garapen pertsonalerako espazio kontsideratzea suposatzen du. Mundu pribatua gaitasunak eta erantzukizunak garatzeko espazio bezala aurkez daiteke. Adibidez, indar zentrifugoa lehorgailuarekin esplika daiteke edota lurrin-makina plantxarekin.

- Goi mailetan kontzientzia piztu beharko genuke eskolan ezagutzak nola transmititzen diren eta ezagutza zientifikoa nola eratzen den jakiteko. Arrazoia eta intuzioa maila berean kokatu beharko lirateke ezagutza zientifikoaren barruan, giza mundua eta mundu teknologikoa aukera profesional bezala aurkeztuz. Era berean komunikabide batzuk, zineak, publizitateak... duten eduki sexistaz ere kontzientzia piztu behar da.

- Ahozkotasunean zein dokumentuetan hizkuntza ez sexista erabili behar dugu: genero maskulinoa eta femeninoa zuzen erabiliz, emakumeak ikustea eragozten duen maskulino generikoaren erabilera ezabatuz, kontzeptu generikoak erabiliz eta abar.

- Eskolaratze prozesuan ikasleriak askotan hartu behar izaten ditu erabakiak: zein proiektu egin, zein ikasgai aukeratu, norekin egin lan bat, zein ikasketa egin... Erabaki hauek ongi hartzen ez badira bere bizitza itzulerarik gabeko bide estereotipatu batetik abia daiteke. Hori dela eta, tutoretzari eta orientatzaileari garrantzi handia eman behar zaie estereotipoen mugak gainditzen dituen nortasun pertsonala garatzeko, eta autoestimua eta konfidantza garatzeko. Horrela, ikasleria guztiak hartzen dituen erabaki pertsonalak, akademikoak eta profesionalak bere gaitasun eta interesen arabera hartuko ditu, eta ez dira generoen espektatibek mugatuak egongo.



Familiak zein inplikazio maila eduki behar dute gai honetan?

Familiak eragin izugarria du genero estereotipoen ikasketa prozesuan. Ez dugu ahaztu behar ikasleriak gurasoak hartzen dituela identifikatzeko eredu bezala. Eta gurasoek ere, semea edo alaba jaioko dela jakiten duten unetik etorkizuneko espektatibak egiten hasten dira haur horrekiko, eta espektatiba hauek estereotipoz josiak egoten dira. Seme-alabei ezartzen zaizkien zigor eta sariak ere espektatiba hauekin lotuta egoten dira. Gainera, familiaren barruan garatzen da etxeko zereginekin lotutako ikasketa eta erantzukizuna.

Ez luke asko balioko eskolan estereotipoak ezabatzeko esfortzua egiteak familian ez bada ezer egiten edo berauek indartzen jarraitzen bada. Beharrezkoa da komunikazio bideak sortzea irakasleria eta familiaren artean informatzeko, prestatzeko eta kolaboratzeko. Horretarako egokiak izan daitezke gurasoen eskolak, gurasoen parte hartzea Eskola Kontseiluan, tutorea eta familiaren arteko erlazioa eta abar.



Genero estereotipoen ezabaketa eskolari soilik dagokion lana da ala gizarte osoari?

Genero estereotipoek funtzio sozialak betetzen dituzte. Gizarteak maskulinoaren osagarri den estereotipo femeninoa sortu du oreka soziala mantentzeko. Beraz, aldaketa gertatzen bada, hau da, bietako bat hausten bada, nahitaez antolaketa sozial berri bat sortuko da. Orduan, instituzio sozial bakoitzaren zeregina arlo honetan osagarria dela kontuan hartuz, gizartearen eginbeharra dela uste dut bere egiturak eta antolaketa soziala aldatzen hastea eratzen hari garen emakume eta gizon berriari leku egiteko. Bestela, eskolak bakarrik ezin du estereotipoak ezabatzeko behar diren benetako egitura aldaketak egiteko botere nahikorik.
IGO
SALAS, Begoña:
LA SALLE ikastetxea, Donostia: Haurren neuronak estimulatuz eta ordenatuz
VAZQUEZ, Amaia:
XIRULA MIRULA: Badok hamalau
Xirula Mirulak DBHrako bideo-zintak kaleratu ditu
HIRUKI taldea: Liburu egokien bila
OCHOA DE ERIBE ROYO, Maria Pilar:
Joana Albret bibliotekonomia mintegia: Ikastegietan
zer-nolako liburutegiak?
UDAL HAUR ESKOLA, Irun: Harreman psikomotrizitatea.
Lanerako proposamen eta jarrera bat 0-3an.
DUFAU, Aines; SOLORZANO, Pantxika: Kantiruri: kantu bilduma berria
VADER, Marinus:
Buru
funtzionamenduaren pedagogia.
Armelle Geninet
irakaslearen ikerlanak
Haur Hezkuntza eta espezialistak
GAZTAёAGA, Maixabel:
Ikusten ikasi,
a ze abentura!
ARDUTZA ikastola, Gasteiz: Sorkuntza tailerrak.
MONTESSORI, Maria
042: Prestakuntza ildo berriak irekitzeko beharra gero eta nabariagoa da.
GOёI, Jesus Mari:
Ordenagailuak? Bai,
SUMMERHILL, SUTHERLAND NEILL, Alexander
Zergatik galarazi pertsona bati irakuketa-idazketaren gaineko ezagutzaren eskuratzea sei urteak bete aurretik?
PIAGET, Jean
FREINET, Célestin
REICH, Wilhem
Hezkuntzarako Aholkularitza Zerbitzuak. Laguntza pedagogikoen nondik norakoak
Haur txikienen heziketa. Haur Hezkuntza aztergai Ikastolen Elkartearen jardunaldietan
Euskara nerabezaroan: Euskara Ostadar Proiektuan
Erabilera garatzetik, erabileran eroso sentitzera
Ingelesa ikasten 4 urterekin hasi?
FOCAULT, Michel
Erantzun arrakastatsua Udako Topaketa Pedagogikoak euskaraz egitearen proposamenari
0 - 3 urte bitarteko haurraren garapen psikologikoa
I Hik Hasi Udako Topaketak: Erantzuna, ezin hobea
VIGOTSKI
Hik Hasi Udako Topaketak
ROGERS, Carl
Heziketa, guztion erantzukizuna
Hurrengo uztailean berriro topaketak
Zatoz jolastera!
bideoa kaleratzear dugu
GARDNER, Howard. Adimen anitzen teoria: Hezkuntza jomuga (I)
Paulo Freire
lau haizetara
Kili eta Kolo
2 urteko haurrekin lantzeko materiala
GARDNER, Howard. Adimen anitzen teoria: Hezkuntza jomuga (eta II)
Reggio Emilia. Italiatik Euskal Herrira
HOYUELOS, Alfredo:
Hatz eta behatz
IKAS Pedagogia Zerbitzuaren bertso-ipuin proposamena
NOVAK, Joseph D.
ELLIOT, John. Berrikuntza heziketa praktikak hasita
ANAUT, Loli:
BIURDANA institutua, Iruñea: Nolako ikaslea halako lana
Zer behar du? Hori eman nahi diot
DECROLY, Ovide-Jean
MONDRAGON unibertsitatea: Hizkuntzen psikopedagogian aditua naiz. Lizentziatura berria ezarri da aurten Mondragon Unibertsitatean
Erne! Badatoz II. hik hasi Udako Topaketa Pedagogikoak
FREIRE, Paulo
KOHLBERG, Lauwrence
TEBEROSKY, Ana:
II Hik Hasi Udako Topaketak
GOLEMAN, Daniel: Adimen emozionala, autokontrolean aurreratzen
Aschero sistema euskal
curriculumerako ekarpena
Karmele Alzueta saria hezkuntza berriztapen proiektuentzat
APPLE, Michael:
GARCIA, Maite: Eskoriatzako Irakasle Eskolaren 25 urteak: iraganari eta geroari begira
Hik Hasi Udako Topaketak
Idafe: autoerrealizazio bidean
Balioak lantzeko programa berria
Kili-Kili aldizkaria eraberritu da
HAMILTON, David
Gure ikasliburuak, geuretik abiatuta
II. Topaketa Pedagogikoak arrakastaz burutu ziren
MATA, Marta:
The Beatles euskaraz
Rock & Orff taldeak DBHn musika lantzeko material berria aurkeztu du euskaraz: The Beatles CD-ROMa
Hik Hasiren "Zatoz jolastera!" bideoak Miguel Altzo ikasmaterialenn kalitate saria jaso du
Zorionak Erein, 25 urteotako ekarpenagatik
TURIEL, Elliot
Gazteentzako euskarazko komikiak
Musika Irakasle Euskaldunon II. Topaketa emankorra izan da
Emakumea hezkuntzan. Gehiengoa bai, baina zertan?
CHOKLER, Myrtha Hebe:
ASKAGINTZA erakundea: Drogak larrugorrian
URTXINTXA ESKOLA: Euskal jolasen bilduma CD-ROMa da produktu berriena
ETXAGUE, Kamino: Talde kooperatiboen lana ingurunearen ezagutza arloan
BORQUɉ, Mari Carme:
MARCHESI, Alvaro:
Aukera ugari hik hasi udako
topaketa pedagogikoetan
Bigarren Hezkuntzako irakasleen prestakuntza
ASKAGINTZA elkartea: Osasun heziketa eta droga-menpekotasunen prebentzioa eskolan
Zientzia
abstraktua ala ulergarria?
Argazkiak eta Matematika
III Hik Hasi Udako Topaketak: 700dik gora dira dagoeneko izana eman dutenak
Merezi al du prestakuntza euskaraz eskaintzeak?
Haur-jolasen abestiak III CDa eta zinta kaleratu berri ditu HIK HASIk
Txanela Proiektua
Lehen Hezkuntzako 1. ziklorako ikasmaterial globalizatua
Gipuzkoako Berriztapen Proiektuen I Jardunaldiak
Haur jolasen abestiak III
GARAIGORDOBIL, Maite:
HIK HASI Udako Topaketa Pedagogikoen arrakasta handituz doa
Kultura erreferenteak oinarrizko hezkuntza curriculumean
Badator Jolasen altxorra bideoa
ZULAIKA, Luis Mari:
GAUTEGIZ ikastetxea, ARTEAGA: Mugak gaindituz, eskola handitu
Eskolen arteko postatrukea
Ikastolen Elkartearen joko didaktikoek jolasa eta ikasketa uztartzen dituzte
Kukurruku! Zer diozu?
Ipuinak, poemak, esaera zaharrak, musika eta elkarrizketak biltzen dituen CD berria
Zorionak Ipurbeltz!
0-3 zentroak: hezkuntza eskaintzea helburutzat eta ez laguntza eskaintzea
Hezkuntza Komunitate Dialogikoak. Partaidetasuna eta eraldakuntza oinarri dituen ametsa
HERNANDEZ, Pedro:
Etengabeko ikaskuntza egungo gizartearen erronka
IV. Hik Hasi Udako Topaketak
Uztailaren 1, 2 eta 3an burutuko dira Donostian
Zientzia, teknologia eta lanbideak Euskal Herriko testu liburuetan
MURILLO, Javier:
ESKOLA SAIAKUNTZARAKO ZENTROA, Sukarrieta: Ebaluazio eredu bat aniztasunari ekiteko
SAN TELMO ETXOLA: Ugaztun hiztunak gara
IKAZTEGIETAKO HERRI ESKOLA: Zer dira janari transgenikoak?
UEUko Sexologia Saila: Goazen sexologia aztertzera eta bizitzera
Euskal testu liburugintza XXI. mendearen atarian
LAREKI, Arkaitz: Nola irakasten dute DBHko irakasleek?
Irakasteko modu berri bat baliabide teknologikoak erabiliz
Birakusi aldizkaria eta web gunea
Guztientzako eskola
Eskola barneratzailea
Hezkuntza, etorkizuna prestatzeko eztabaida guztien erdigunean
AINSCOW, Mel: "Eskola barneratzaileagoak lortzeko, eskolan lan egiteko moduak aldatu egin behar dira. Eskola kultura aldatu behar da"
PORTER, Gordon I.: "Arrakasta lortzeko gela berezirik ez dugula behar erakutsi dugu"
AUCOUTURIER, Bernard:
0-3 urteko haurrak eta euren eskolak
PETUYA, Alazne:
MENDILORRI IV eskola, Iruñea: ...eta Miróren koadro bat jakintza iturri bihurtu zen
FERNANDEZ ANGUITA, Mariano:
BILETXEA ikastetxea, Baigorri: ERRAMOUSPE, Mikel: Kantuaren herri kultura bizia
087: Eskolan politika bai, alderdikeriarik ez.
Erlijioa bai, adoktrinamendurik ez.
GARMENDIA, Jesus:
088: Eskola hobetzekotan espiritu kritikoa sustatu beharra dago
PELLO ERROTA ikastetxea, Asteasu: Bazen behin... gure aitona-amonen kontu aberatsak
Artearen txokoa: euskal gizartea ulertzeko beste bide bat
Udako Topaketak: gozartu, erlaxatu, ikasi
Begiradaren heziketa eskolan
COSIDO, Jesus:
Ilunetik argira Elbira Zipitria deskubritzen duen liburua
Nor gara gu? Zer gara gu? Testu liburuek diotena
Familia eredu askotarikoak eskolan. Familia ereduak lantzeko materiala
Elbira Zipitriaren ibilbidea gogora ekarri dute bere lankide eta ikasleek. Liburuaren egileekin bildu ziren haren txokorik maiteenak bisitatzeko
Droga menpekotasunen prebentzioa
SAENZ, Maite:
www. apoa.net Ipuin didaktikoak sarean
Hezkidetza, detaile sutilen indarra
GIMENO SACRISTÁN, José
097: Beste mundu bat posible da; hezkuntza eguneratuz eraiki dezagun
Kataluniako Hezkuntzarako Gizarte foroa
BETTO, Frei:
HUEGUN, Axier: Zer dio gorputzak hezitzen ari garenean?
ZANGOZA ikastola, Zangoza: Jarrerek badute zeresana Zangoza ikastolan
ARRASATEKO BHI, Arrasate: Lan kooperatiboa
Udako Topaketak: 500 irakasleren bilgune
Izena emateko epea pasa bazaizu, oraindik bada lekua zenbait
ikastarotan
Amnesiaren gaitz mortala
MONTERO, Jose Luis:
Summerhill Donostian. Sutan gordetako oroimena
Geometriako aktibitateak prestatzeko proposamena DBHn (12-16 urte)
Antzuolako herri eskola:
Psikomotrizitatea
SAN JOSE DE CALASANZ, ikastetxe publikoa, Donostia (Altza): Ohitura eta baloreak lantzen
Irakasle-ikasleen arteko harremanak
URBE, Ainhoa; ZABALA, Juantxu: Psikomotrizitatea eta gero zer?
Ikastea ez da hartzea
LUKAS, J. F.:
Urrutiko euskal eskola: Euskadi-Venezuela ikastola (1965-1986)
PLACER, Felix:
AIZARNA, Kontxi:
SUBIL: Euskal kukturan zeharreko bidaia
Edozein kulturatan ematen den heziketa, komunitatezkoa zein formala
Freineten 100. urteurrena
ELKARRI:
TAFALLAko ikastola, Tafalla: Irakurketa-idazketa konstruktibismoaren ikuspegitik
RIZZI, Rinaldo:
Tertulixak: autoheziketa modu bat
Emakumeak eta hezkidetza
Neskak, emakumeak... eta hezkuntza mundua
19: Handik eta hemendik euskal eskakizunei erantzun behar nonahi
ZABALZA, Miguel Angel: Bakegintzarako hezkuntza hizpide
UGARTETXEA, Arantxa:
OIARBIDE, Josi; ZABALA, Xabier: Haur-jolasen abestiak:
Adimena eta autoestimua irakaslearen zeregina
Zer irakur dezakegu irakasle, ikasle eta gurasook?
Haur-jolasen abestiak
AZURMENDI, Joxe:
Etxerakolanak: betiko eztabaida
GARCIA, Maite:
ALMEN IKASTOLA, Eskoriatza: Ikasleak filosofatzen
CONJIL, Txus:
URRETXU-ZUMARRAGA ikastola eta TERRASAKO eskola publikoa: Elkatrukea, harremanak bideratuz
IPAR HEGOA Fundazioa: Euskal eskolaren azken hogei urteak. MARTÃ, FelixI elkarrizketa
Haur eskola txikietako irakasleen
Herri Eskolen Mugimendu Kooperatiboaren 26. Kongresua
Haur Hezkuntzako profil profesionalei buruz
TRABUDUA Yolanda: Gazteek entzuten duten musika
Ikuspegi pedagogikotik bidegabekeria bat da
OLVERA, Angelica:Familia Sistemikoko aditua eta ikerlaria.“Sustrairik gabe, hegorik ez dago. Eskolatik erreskatatu egin behar dira familiaren historia eta testuinguruaren historia
Usurbilgo haur eskola: Haurdun dauden amak haur eskolan
Uda giroko aisialdia
ETXEKO IRAKASKUNTZA
JOSU TXAPARTEGI
Zer baldintza behar dira ikasleek gustura ikasteko?
HAURRAK AFEKTIBITATE ETA SEXU ANIZTASUNEAN HEZTEN
Eguna edukiak irakasten pasatzen bada, nondik atera denbora haurren kezkak, sentimenduak, arazoak... lantzeko?
Eraldaketa prozesuak. Parte-hartzean oinarrituriko metodologiak bideratuz.
PEDAGOGIA 2007 HABANAN
Zergatik erabili behar dugu hizkera ez-sexista?
PEDAGOGIA SISTEMIKOA
HOPKINS, David: Hezkuntzak ez du irakaskuntzara soilik mugatu behar; eskolak ekarpena egin behar dio gizarteari
PRH Formazio Eskola
Nola balia ditzakegu irakasleok geure emozioak, ikasgelan ikasleen garapen emozionala bultzatzeko?
ROEGIERS, Xavier eta PEYSER, Alexa: Integrazioaren pedagogian helburua ez da ezagutza; ezagutza, gaitasunak garatzeko baliabidea da
Haurrak gehiegi babesten al ditugu? Haur berekoiak egiten ari al gara? Ia ahaleginik egin gabe, bat-batean nahi duten guztia lortzea, egokia al da?
Gizarte hezitzaileak eskolan
LOPEZ-GOÑI, Irene: Irakasleen prestakuntza diseinatzeko une egokia da, eta hori baliatzen jakin behar dugu
Hezkidetza gida: 50 galdera eta beste horrenbeste proposamen
Hazitegi proiektua: 0-6 urteko haur eskolak
Coachingak lagun al dezake hezkuntzan? Nola? Zer tresna eskaintzen du
Nire hezitzaile-profila
Waldorf pedagogia
Txirulaz (Liburua)
Txirulaz II (Liburua). AGORTUTA
Txirulaz (CDa)
Gitarraz (Liburua)
Eskusoinuaz (Liburua)
ASCHERO metodoa: Ostadarraren hotsaz (Liburua)
Pianoaz (Liburua)
Haur-jolasen abestiak (CDa)
Haur-jolasen abestiak II (CDa)
Haur-jolasen abestiak III (CDa)
Kukurruku! (CDa)
Zatoz jolastera! (DVDa)
Jolasen Altxorra (DVDa)
Ilargiaren sekretua (DVDa)
Begiradaren heziketa (DVDa+Liburua)
Gazteak eta euskara
Ilunetik argira. Elbira Zipitria
Haur-gaztetxoen marrazki ekoizpenaren bilakaera AGORTUTA
Afektibitatea eta sexu hezkuntza
 
© 2005