Ingurune paregabean kokatua, Donostiako erdigune historikoan, San Telmo Museoa antzinako komentu domingotarra da, XVI. mendeko monumentu-eraikin bat eta zabalkuntza arkitektoniko garaikidea duena.
100 urte baino gehiagoko historiarekin, San Telmo euskal gizartearen interpretazioari zuzendutako Euskal Herriko museorik zaharrena da. Haren bilakaera eta gertaera gogoangarrienak bere bildumaren bidez eta baliabide berritzaileen bidez aurkezten ditu, Euskal Gizartearen eta Herritarren museo gisa.
Erakusketa iraunkorra abiapuntutzat hartuta, San Telmo Museoak Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako programa didaktikoak eskainiko ditu bertan jorratzen diren gaien inguruan: historian zehar gure herriak izan dituen erronkak eta horiei aurre egiteko hartutako erabakiak, balea-harrapaketa, burdinolak, ilustrazioa, inkisizioa, hirien garapena, baserriaren inguruko bizitza eta lana, industrializazioa, gerra zibila, frankismoa, eta abar.
2011-2012 ikasturte hasieran, lehendik martxan genituen programa didaktikoak mantentzen ditugu eta horiei proposamen berria gehitu diogu, zabaltzen joango den eskaintza didaktikoa osatzeko:
- Alakiketa kiketa kiketa: bisita eta tailerra konbinatzen dituen jarduera honek musika tresnak ezagutzeko aukera ematen du, txalapartari arreta berezia eskainiz -jatorria, erabilera eta erritmoak-.
Jarduera hau Haur Hezkuntza (2. zikloko 4-5 urtekoei) eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago.
Aipatu bezala, lehengo eskaintza ere mantentzen dugu:
- Kalejira I: Donostiako Parte Zaharrean zehar ibilbidea eraikin esanguratsuenei erreparatuz.
- Kalejira II: hiriaren Zabalgunean zehar ibilbidea, aurrekoaren osagarri.
- Urgull: Motako Gazteluan “Donostiari begira” erakusketak hiriaren historiari buruz hitz egiten digu.
- Erakusketako jarduerak: Nor da nor?, Diorama tailerra, Caracasko Erret konpainiaren jokoa eta CSI historikoa.
- Jarduerak mendian: gymkhana, pista jokoa eta mendian zehar bisita gidatua.
- Maleta
didaktikoak: “Hilarriak biribilketan” eta “Hiri historikoetan bizi”. Mailegua dohainik.
Proposamen didaktikoak ikasle eta irakasleentzako baliagarriak diren material didaktikoz hornituta daude.
Proposatutako jardueretan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik deitzea. Bisita egin aurretik jarduera prestatzeko laguntza eta materiala izango ditu irakasleak.