Sagardoetxea sagarra, sagarrondo eta sagardoaren kultura zabaltzeko museo gune bat da. Museoen kontzeptu tradizionaletik desberdina da, sagarrondoen bizitza eta sagardoaren elaborazio prozesua modu aktiboan ezagutzeko aukera eskaintzen duen leku dinamikoa baita, gauzak ikusiz, jardueretan parte hartuz eta produktu ezberdinak dastatuz.
Sagardoetxeak museoko sagastira eta museo-gunera bisitaldiak eskaintzen dizkie bisitariei. Museoko sagastian sagardo egileen teknika eta sekretuak aurkituko dituzte eta sagarrondo, hazitegi, sagar mota desberdin eta aintzinako tolare baten bueltan ibiliko dira. Museo-gunean. berriz, sagarra eta sagardoaren historia, usadioaren iturburua, erramintak eta elaborazio prozesua aurkituko dituzte, sagardoaren kulturara gerturatuz.