Aztertu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak bultzaturiko ingurumen hezkuntzako programa dugu.
Ingurumenaren aldeko inplikazioa eta parte hartzea sustatzea du helburu. Gaur egun bi programa ezberdin garatzen dira Aztertu barruan: Azterkosta eta Ibaialde. Programa horietan ikastetxeek, natur eta kultur elkarteek, udalek eta oro har herritarrek, taldean nahiz bakarka parte har dezakete.
Azterkosta
Azterkosta 1992. urtean hasi zen Euskal Autonomia Erkidegoan. Nazioarteko programa batean sartuta, kostaldeak dituen arazoen ezagupena eta horiekiko kontzientziazioa areagotzea du helburu. Urtero 2.500 bat lagunek parte hartzen dute programa honetan.
Ibaialde
Ibaialde programa 1996. urtean sortu zen. Urtero 4.800 lagun inguruko partaidetza lortzen da. Ibaialde ibai ekosistemei buruzko ingurumen hezkuntzako programa dugu. Programa honetan taldeek gure herrietako ibaiak eta haien inguruak nola dauden, zergatik dauden egoera horretan eta egoera hori hobetzeko zer egin daitekeen erantzun nahian dihardute.