| Eskolatze goiztiarrarekin batera hainbeste kezka gertatu dira familietan zein haur eskoletako profesionalengan. Alegiazko zerrenda luze horretatik soilik mugimenarekin zerikusia dutenak aztertzea da ikastaro honen helburu nagusia. Psikismoaren eta mugimenaren arteko erlazioari; psiko-motrizitateari buruzkoa da eta. Gauza jakina da bigarren haurtzaroaren amaiera bitarte, hau da, hizkuntzak mugimena ordezkatu arte, mugimena dela bizi psikikoaren adierazle bakarra. Ez da baieztapen hutsala, mugimena hain garrantzitsua izateak erabat zailtzen du egin beharrekoa. Mugitzen utzi, irakatsi edo lagundu egin behar da haur eskolan –haurreskolak barne-?
Aurreko urteetako ikastaroetan landutako egungo Garapenaren Psikologiaren ekarpenen arabera, gure haurrak orain dela mende erdikoak baino askozaz ere bizkorrago garatzen dira. Gizartearen azkartzeak eta berarekin batera, eskolatzearen orokortzeak badu horrekin zerikusia. Gauza gehiago ikasi genuen: haurraren mugimenak proaktiboa izan behar duela eraginkorra gertatzeko, laukatu ibiltzeak dakartzan onuren artean afektiboak zein ikusmenarekin loturikoak agertzen direla, adimenaren hastapenak hautematean bertan aurkitzen direla e.a. Oraingoan, aurreko guztia kontuan izanik 0-3 urteetako ikasleekiko norberaren kokapen profesionala aztertzea eta egokitzea du abiapuntua, eta horren ostean, bereziki garapen psikomotoreari laguntzeko psikomotrizitate saioetan egin behar dena eta egin behar ez dena bereiztea litzateke.
Norentzat
Lehen haurtzaroko profesionalentzat, ikasleentzat eta interesa dutenentzat.
Helburuak
1. Norberaren psikomotrizitatearekiko jarrerak, itxaropenak eta usteak argitzea.
2. Adin bakoitzari lotutako zeregin psikomotorearen kakoak norbereganatzea.
3. 0-3 bitarteko esku-hartze psikomotorea menderatzea.
4. Psikomotrizitate saioetan norberak disfrutatzea.
Uztailak 1, asteartea
Biziaren lehen urteko psikomotrizitatea: “aho espazio”tik, “gertuko espazio”ra eta bertatik, “espazio lokomotore”ra.
- Lehen urteko garapen psikologikoaren kakoak.
- Posturari buruzko une garrantzitsuenak.
- Berezko mugikortasunaren urrezko legeak lehen urtean.
- Psikomotrizistaren rola lehen urtean zehar.
- Espazio, denbora, material eta jarduerako irizpideak.
Uztailak 2, asteazkena
Biziaren bigarren urteko psikomotrizitatea: “espazio lokomotore”aren leherketa.
- Bigarren urteko garapen psikologikoaren kakoak.
- Sentsoriomotrizitatea eta aurresinbolismoa.
- Berezko mugikortasunaren urrezko legeak bigarren urtean.
- Psikomotrizistaren rola bigarren urtean zehar.
- Psikomotrizitate gela: espazio, denbora, material eta jardueren proposamen bat.
Uztailak 3, osteguna
Biziaren hirugarren urteko psikomotrizitatea: “espazio psikomotore”aren leherketa.
- Hirugarren urteko garapen psikologikoaren kakoak.
- Bertikaltasuna eta sinbolismoa.
- Berezko mugikortasunaren urrezko legeak hirugarren urtean.
- Psikomotrizistaren rola hirugarren urtean zehar.
- Psikomotrizitate gela: heldutasunerako ibilbide bat.
Metodologia
Ikasleen eskarmentua izango da abiapuntua. Ikastaro honetan planteatzen den abiapuntua erabat pertsonala da. Beraz, hausnarketarekin batera, eztabaida adibide praktiko batzuekin aberastuko da. Adin bakoitzeko psikomotrizitate saioak erakutsi egingo dira, adibide modura, partaideen bideoak oso ongi etorriak badira ere.
|