| - Zer moduz emaztea?
- Norekin konparatuta?
(Gila)
Umorea, barrea, gozamena... nolabait esateko, bizi-poza.
Ba al dago horrelako gauzak ikasterik?
Eta horrela bada, ba al dago hori guztia hezteko tresna moduan erabiltzerik?
Ikastaro honetan baietz erantzungo diegu bi galdera horiei.
Askotan zaila egiten zaigu barrea eta gure lana lotzea, lana gauza serioa baita! Baina umorea ere oso serioa da!
Umorea hezteko tresna nagusia da.
Umorearekin estresa gutxitu dezakegu, osasuna sendotu, ikasketak erraztu, giza erlazioak sakondu, sormena garatu, bizitza arindu...
Edo irakasleon hizkuntzan nahiago baduzue, integrazioa landu dezakegu, komunikatzeko ahalmena garatu, gelan dauden tentsioak gutxitu, irakasten ditugun gaiei buruzko maitasuna sortu...
Gainera, gure bizitzarako lagungarria da, babestu eta sendotu egiten gaituelako.
Ez da egia umoretsua izatea jaiotzatik datorkigun zerbait denik: umorea ikasi, landu eta gara dezakegu, baina mundua modu berri batean ikusteko prest egon behar dugu.
Lotsaz, beldurrez edo, agian, sufrimenduz bizitzeko joera daukazula? Lasai, hori guztia saihestu eta irribarrez landu daiteke.
Hori guztia teknika eta joko pilo batekin landuko dugu. Batzuk oso ezagunak dira. Beste batzuk ez horrenbeste. Teknika horien zerrenda oso lagungarria izango da tresna zehatzen bila dabiltzan irakasleentzat.
Baina, beti bezala, ikasleekin edo besteekin erabili baino lehen, geuk probatu behar ditugu.
Ikastaro hau denentzat irekita dago. Arlo emozional nagusi baten ataria izango da, eta bide luze eta eder baten hasiera.
BARRE EGITEKO PREST?
|