| Power Point aurkezpenak burutzeko programa da jakitun garenez. Halere, etekin handiagoa atera diezaiokegu beste planteamendu batzuk eginez gero. Zehazki, azalpen testuak lan ditzakegu; ipuinaren mundu magikoan sar gintezke: kontaketa, ulermena, irakurketa, arreta, idazketa… Gure hizkuntzaren gatza eta piperra diren esamoldeak jorra ditzakegu. Bertso eta kanturako tresna egokia da programa hau. Onomatopeiak, deskribapena, buru kalkulua, … eta abarrerako ere oso baliagarria izango zaigu.
Ikastaro honetan idatzizko ulermenari eta azalpen testua lantzeari egingo diegu leku, zenbait proposamen praktiko mahai gainean jarriz Lehen Hezkuntza guztirako. Hiru eratako ariketa eta jarduera burutuko ditugu programen eta jardueren inguruan. Jarduera horiek ordenagailuan egin eta landuko dira baina, osagai gisa, haurrek idazketa-koadernoa eta fitxak izango dituzte.
Programak
- Photoshop CS edo 8a
- WaveStudio, audioa editatzeko programa
- PowerPoint 2002, 2003 edo bertsio berriagoak
Jarduerak
* Idatzizko ulermena: bi alderdi (1, 2). Esperientzia hauek LHko 2. mailan burutu dira, baina egokitzapenak eginez gero, Lehen Hezkunta osorako baliagarriak izan daitezkeelakoan nago.
1) Nahas-Mahas (Definizioak)
Pertsona, animalia edo objektu baten inguruan hiru definizio edo… idatziko ditugu.
Horietatik bat izango da egiazkoa, eta beste biak erdi-egi erdi-gezur izango dira.
Definizio bakoitzaren alboan botoi bat ipiniko dugu. Haurrek egiazko testua zein den asmatu behar dute alboko botoia saguarekin sakatuz. Beste era batera esanda, botoi horrek erreferentziazko soinu bat dauka itsatsirik.
2) Hutsunean hutsik ez!
Pertsona, animalia, objektu edo gai bati buruz idatziko dugu era laburrean. Azken esaldian hitz bat lauki batez estalita ipiniko dugu. Hiru, lau, bost-bat aukera agertuko dira pantailan. Haurrek fitxa bat izango dute. Hutsunean falta den hitza pantailan aukeratu eta idatzi egingo dute beren fitxan. Segidan, haur batek klik egingo du lehen aipatutako laukian. Laukia desagertu eta ezkutuan zegoen hitza bistaratu egingo da. Haurrek esaldi bat edo bi idatziko dituzte pantailan bistaratu den hitza barnean hartuz.
* Azalpen testua: Esperientzia hau ere LHko 2. mailan burutu da baina maila guztietarako baliagarria delakoan nago.
Azalpen testuak hainbat eratara lan daitezke PowerPoint-a erabiliz. Oraingo honetan, Burdinolak gaia aitzaki izanik, beste lanketa mota bat agertu nahi da ikastaroan. Honela landutako azalpen testuak bizpahiru ikasketa jarduera ahalbidetzen ditu, hara nola, memorizazioa, mintzamena eta idazketa. Horrez gain, haurrak irakasle bihurtzen dira eta elkarrekintza dago gainerako haurrekin. Irudiek eta soinuek interesa sortzen dute eta haurren arreta erakarri. Gainera, teklatuko tekla luzea eta sagua erabiltzeko aukera izango dute. Hori guztia biribiltzeko, gaiarekin lotutako bideo-klipak ere txerta daitezke.
|