| Norbere buruarekin eta besteekin konektatzeko modu dibertigarria.
Orain dela 35 urte sortu zen Biodantza, Rolando Toro txiletar psikologo eta antropologoaren eskutik. Hasiera batean musikak pertsonengan duen eragina aztertzen hasi zen eta hainbat dantza-ariketekin probatzen hasi zen.
Biodantzaren oinarrian musika, mugimendua eta sentipenak daude. Hiru elementu horiek integratzen ditu sistema honek. Musika da haria, musikak bideratzen du biodantzako saioa. Musikak sentipenarekin konektatzen du eta mugimendua eragiten du. Gorputza musikaren erritmora mugitzen da, mugimendu librean. Horrela, saioak bide ludikoa, bizia, geldoa, barnerakoia... har dezake.
Sarritan, burua eta gorputza bakoitza bere aldetik ibiltzen dira, horrek suposatzen duen zatiketa eta indargaltzearekin. Musika, mugimendua eta sentipena lotzen direnean bizipena sortzen da. Bizipenak gure barne integrazioa lortzen laguntzen du. Horrela, pertsonak, bereganako eta besteenganako, sentsibilitate berria sortzen du.
Metodo honek bakoitzaren erritmoa errespetatzen du, progresiboki lan eginez. Bakoitzaren esku gelditzen da autoerregulazioa, prozesu guztia osasungarria izan dadin.
Saioak taldean egiten dira eta hainbat ariketek konfiantza giroa sortzen laguntzen dute. Era berean, bakoitza eta besteenganako onespena bideratzen dute ariketa horiek.
Saio barruan bi zati nagusi desberdintzen dira:
- Lehenengoa aktiboagoa: oinez ibili, erritmo indartsuak, dantza tribalak...
- Bigarrena barnerakoiagoa: musika lasaiagoa, ariketa geldiagoak...
|