| Norentzat
Internet berrian informazioa eraginkortasunez maneiatu nahi duen edozeinentzat zuzenduta dago. Halere, web baliabide batzuen erabilera nahiko intentsiboa egingo denez, nabigatzaileen inguruan oinarrizko ezagutza izatea gomendatzen da, zehazki Firefox nabigatzailea erabiltzea hobesten da. Erabiliko diren aplikazio batzuk ingelesez soilik erabili beharko ditugu; derrigorrezkoa ez bada ere, ingelesezko oinarrizko ezagutza edukitzea lagungarria izango da.
Helburuak eta ezaugarriak
“Oinarrizko Hezkuntzak, batik bat, goi-mailako ikasketak egiteko behar den prestakuntza emateari eta ikasleei ikasketa horiek egiteko behar diren ezagutzak emateari eman izan dio garrantzia, eta ez dio hainbeste erreparatu helduen bizitzarako garatu behar diren gaitasun pertsonalak, sozialak eta lan-arlokoak lantzeari eta bizitza osoan ikasteko behar diren oinarriak prestatzeari.” (Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzeko dekretua, III. Erasnkina: Oinarrizko Gaitasunak)
Gure ikasleak bizitza osorako jaso beharko duten prestakuntza horren xedean, diseinatutako Curriculum berri guztiek ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak dituzte oinarri bezala. Definitzen diren hezkuntza konpetentzia orokorren barnean aurkituko ditugun azpi-konpetentzia asko estuki lotuta daude informazioaren tratamendu eta teknologia digitalaren erabilerarekin.
Testuinguru honetan kokatu beharko genuke ikastaro hau. Izan ere, informazioa bilatu, gorde, antolatu eta partekatzeko modu eraginkorrak ezagutuko ditugu, horretarako erabiliko ditugun bitartekoak web aplikazioak izango direlarik.
Lehen zatian, internet berriaren ezaugarriak azalduko dira, hainbestetan aipatu den web 2.0 hori. Web berri horrek konpetentzia digitalen lorpenean izan dezakeen eragina aztertuko dugu. Curriculum eta internet berri honen presentziak gure irakasle eginkizunean aldaketak ekarriko ditu, garai berrietara moldatzeko gure rola aldatu egin beharko da.
Aurrekoarekin erabat lotuta egongo da ikastaroaren bigarren zatia. Gure ikasleei askotan esaten diegun bezala, “informazioa guk maneiatzen ikasi behar dugu, ez informazioak gu”. Horretarako eskura ditugun tresnak ezagutu eta erabiliko ditugu. RSS jarioak, agregatzaileak, markatzaile sozialak eta ikuspegi sozialeko bestelako aplikazioekin praktikatuko dugu ikastaro honetan, hala nola, Google Reader, Del.icio.us, Bildu.net, Technorati, Digg, Zabaldu.com… eta antzeko beste hainbat aplikazio.
Beharrezko materiala eta baldintzak
Ikastaro osoa web baliabideak erabiliz gauzatuko denez, ez dira baliabide bereziak erabiliko. Hainbat zerbitzutan izena eman beharko dugunez, derrigorrezkoa izango da web posta helbide erabilgarri bat izatea.
|