| Informatika munduan aspalditik gabiltzanok (1984tik aurrera) oraindik oso gogoan dauzkagu gure oroimenean Serie Assistant, MS DOS, Basic eta “Logo” programak.
Urte askotako lanaren ondorioz, Massatchussetsko Institutu Teknologikoak (MIT-ek), duela gutxi, antzinako Logo haren iloba erditu du. Iloba honek Scratch du izena eta aitona baina atseginagoa eta eskuragarriagoa da; eta, batez ere gaur egun, programa horri esker, ikasleen lanak interneten partekatzeko aukera daukagu. Mundu osoko 100.000 proiektu daude programaren webean zintzilik, nahi duenak konpartitzeko aukera izan dezan.
Aipatu behar da Scratch Software freewarea dela. Horregatik, euskaratzeko bidea eman digu. Euskaratuta dago eta gure ikasleek euskaraz egingo dute lan.
Baina, zer da Scratch-a? Scratch softwarea gure eskolako umeentzat zuzenduta dago, zazpi urtetik gorakoentzat. Ikasleek bere istorio interaktiboak, animazioak, soinuak, musika, jokoak eta abarrak era ludikoan eta dibertigarrian sortzen dituzte. Oinarrizko ideia hau da: eszenatoki batean agertzen diren pertsonaiek ekintza desberdinak egiten dituzte.
Interfazea erreza da eta intuitiboa. Adreilu batzuen barruan hainbat agindu daude idatzita. Umeak adreilu horiekin scripta edo gidoi bat eraiki behar du, lego jokoan egin ohi den bezala. Ez ditu kodearen lerroak idatzi behar, bakarrik adreiluak arrastatu, eta gero proiektu gainean askatu. Programak eskaintzen dituen elementuak konbinatu ondoren, pertsonaiak mugitu egingo dira, hitz egingo dute, klik baten agindura erreakzionatuko dute…
Honetarako da Scratch programa, beraz: ikasleen sormenezko pentsaera bultzatzeko, teknologia berrietan sakontzeko, pauso logikoak analizatzeko, diseinatzeko, kolaboratzeko, ezagutzera emateko, eta abarrerako.
Esan beharrik ez dago Scratch programa hau tresna erraza bezain egokia dela gure ikasleak programazio munduan sartzeko.
|